Independentista Sareak ohar baten bidez jakinarazi du buruzagi independentista katalanen aurkako epaiketa salatzeko bat egin duela deitu diren mobilizazioekin: “Bat egiten dugu Gure Esku Dagok gaur arratsalderako deitu dituen mobilizazioekin eta datorren igandean Donostian burutuko den manifestazioarekin”.
Independentista Sarea
“Kataluniako prozesu independentistaren aurrean espainiar Estatuak era guztiz antidemokratikoan jokatu du lehen momentutik, eta 78ko Erregimenak bere aurpegi errepresiborik bortitzena erakutsi du 2017ko udazkenetik hona.
Kontestu horretan, gaur Madrilen buruzagi independentista katalanen aurka martxan jarriko den epaiketa, Kataluniaren aurkako eraso zuzena izateaz gain, demokraziaren oinarrian dagoen erabakitzeko eskubidearen aurkako epaiketa da. Demokrazia eta askatasunaren aurkako epaiketa da.
Borroka honetan katalanek beste jokatzen dugu geuk ere. Guztion etorkizuna jokoan dago. Espainiar Estatuak, prozesu soberanista katalana erreprimitu eta kriminalizatuz independentismoari aukera eta bide guztiak itxi nahi dizkio Katalunian zein Euskal Herrian.
Denon artean lortu behar dugu egoera irauli eta epaiketa honetan espainiar Estatu autoritario eta antidemokratikoa bera izatea epaitua. Ildo horretan, bat egiten dugu Gure Esku Dagok gaur arratsalderako deitu dituen mobilizazioekin eta datorren igandean Donostian burutuko den manifestazioarekin.
Katalunia · Euskal Herria, bi herri borroka bakarra”