Euskal Herriko Mugimendu Feministak datorren martxoaren 8rako (ostirala) planto egiteko deia egin du, 24 orduko greba feminista hain zuzen ere. Martxoaren 8ko ekimena prestatzen hasteko, Usurbil mailako lehen bilera deitu du emakume talde batek, ostegunerako (otsailak 14), 18:30etan Potxoenean: “Etxekoandreon, ikasleon, enplegatuon, erretiratuon, hango eta hemengoon, enplegurik ez eta lana soberan dugunon artean Martxoaren 8ko greba feministari forma emateko, antolatzeko, aliantzak sortzeko, konspiratzeko… biltzeko asmoa dugu. Lehen bilera da eta, nola ez, zu(ek) ere bertan egotea nahi dugu! Denon artean, M8an emakumeok planto!”.
Sindikatuek martxoaren 8ko grebarekin bat
LAB, ELA, ESK, Steilas, EHNE, Hiru, CGT eta CNT sindikatueko emakume ordezkariek, martxoaren 8rako, 24 orduko greba feministarako deialdia erregistratu dute, Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen ordezkaritzan eta Nafarroako Gobernuko Lan Sailean. Sindikatuek Euskal Herriko Mugimendu Feministak martxoaren 8rako iragarritako egun osoko greba egunarekin bat egin dute.