Usurbilgo Ernai: “Usurbildik dei egiten diogu Euskal Gazteriari otsailaren 16an denok Bilbora joateko!”

O16-Ernai

Ernai gazte mugimenduak antolatuta, larunbatean (otsailak 16) Bilbon manifestazioa egingo da “Prekarietateari ateak itxi!” lemapean: “Prekarietatearen aurkako borroka bizi-bizi dago eta gazteok bat egin dugu hainbat eta hainbat aldarrikapenekin. Orain, gure borroka propioa abiatzea dagokigu.  2018an 68 langile erail zituen kapitalismoak Euskal Herrian, aurten, 5 erail ditu dagoeneko. Kapitala vs Bizitza, gure hautua argia da: Euskal Herrian Bizi! ‌Prekarietate egoera kronikora kondenatzen gaituen sistemari aurre eginez, larunbatean, gazte langileok Bilbora!”. Manifestazioa Bilboko Euskadi plazatik hasiko da, 17:30ean.

Autobusa Usurbildik

Usurbilgo Ernaik autobusa antolatu du Bilboko manifestaziora joateko. Aitzaga tabernan eman daiteke izena: “Gaur Usurbildik dei egiten diogu Euskal Gazteriari sistemari hortzak ateraz, Euskal Herria eraikitzeko borrokara batzeko, otsailaren 16an denak Bilbora!”

Ernai

“Gazteon bizitzak prekarietatez ezaugarritu dizkigute, bizirautera kondenatu. Eta enpleguari lotutako baldintza kaxkarrez haratago, ziurgabetasuna, heldulekurik eza eta segurtasun falta nagusitu dira gure bizitzako eremu guztietan. Ondorioz, emantzipatu eta bizi proiektu duin bat proiektatu eta eraikitzea ezinezkoa bihurtu da. Eta jakin badakigu hau ez dela transitorioa edota koiunturala. Prekarietateari ate guztiak lehenbailehen ixtea beharrezkoa da, berak irentsiko gaitu bestela. Askok pentsatuko dute egoera ez dela beldurtzeko adinakoa, baina bada. Gazteok larrialdi egoeran gaude.

Espainiar erregimena bere ohiko jaarera autoritarioan gogor mantentzen da, eskuinaren gorakada ikusten ari gara Europan eta datozen urteetarako eskaintza berbera izango dela susma dezakegu: inboluzionista, antidemokratiko, antisozial, autoritario eta errepresioari bide ematen diona. Prekarietateak beraz, gazteon bizitza ezaugarritzen jarraituko du alor bakoitzean eta denetan.

Ildo ezberdinetatik bultza behar diogu prekarietatearen aurkako borrokari, eta denok bat eginez. Izan ere, zenbaitetan egoeraren aurrean bakarrik sentituagatik, guztiak gaude egoera antzekoan eta guztiok egin dezakegu zerbait egoera hobetzeko. Beraz, kolektiboki alarmak piztu eta prekarietateari ateak ixtea dagokigu. Euskal Herrian bizi ahal izateko ezinbestekoa izango baita hori. 

Herri eta auzoetako lana ezinbestekoa izango da prekarietateari ate guztiak ixteko. Eremu lokaletako problematikak landu, elkarren egoerak elkarbanatu, bide berriak eraiki… Eta ateak itxiko dizkiogu gure bizitzak zeharkatzen dituen prekarietateari, bai eta gure herri zein auzoetan prekarietatea sustatu eta sostengatzen duten erantzule nagusiei.

Gazteok non gauden galdetzen dute askok azken boladan. Bada gazteok lanean gabiltza auzo eta herrietan eta otsailaren hamaseian kaleak elkartuko gara. Patronalaren sinbolo den Iberdrola dorre paretik abiatuko da mobilizazio nazionala. Bilboko kaleak hartuko ditugu prekarietatea gelditu eta Euskal Herrian bizi nahi dugula aldarrikatzeko. Kaleak hartuko ditugu, egungo egoera irauli eta agertoki berri bat sortzeko. Adi, prekarietateari ateak ixtera goaz!

Gaur, Usurbildik, dei egiten diogu Euskal Gazteriari sistemari hortzak ateraz, Euskal Herria eraikitzeko borrokara batzeko, otsailaren 16an denak Bilbora! Euskal Herrian bizi nahi dugulako, gazteon oraina borrokan da!”.

Usurbil ErnaiOtsailaren 7an Usurbilgo Ernaik deituta, “Prekarietateari ateak itxi” lemapean egindako elkarretaratzearen ondoren ateratako argazkia. (Arg. Noaua!)

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.