Udalak elkarretaratzea deitu du larunbatean Usurbilen gertatu zen eraso sexista salatzeko

Eraso sexistarik ezLarunbatean Ertzaintzak 26 urteko gizonezko bat atxilotu zuen Usurbilen, genero-indarkeriaren delitu bat leporatuta. Gizonezkoak auto baten barruan jo eta mehatxatu zuen bikote-laguna. Biktima Donostia ospitalean artatu behar izan zuten kolpeak eta hematomak zituelako. Egoera honen aurrean Usurbilgo Udalak gaur goizean genero-indarkeria kasuetarako indarrean duen protokoloa martxan jarri du, emakumeari behar duen laguntza eta aholkularitza guztia emateko. Udalak herriko mugimendu feministarekin batera, elkarretaratzea deitu du astearterako (otsailak 26) Mikel Laboa plazan, 19:00etan: “Herritarrei dei egiten diegu kalera ateratzeko eta plaza publikoan eraso sexistarik gabeko Usurbil nahi dugula aldarrikatzeko”.

Ertzaintza: “Larunbata, 16:30ean, Ertzaintzak jakin zuen genero-indarkeriako eraso bat gertatu zela Usurbil inguruan. Ertzainek, bertara hurbildu zirenean, bi inplikatuak aurkitu zituzten. Dirudienez, bikotea auto baten barruan zegoela, eztabaidan hasi ziren eta gizonezkoak emakumeari eraso eta mehatxu egin zion. Ertzainak ohartu ziren biktimak kolpeak zituela bekokian, masailean eta esku batean, eta, egoera ikusita, beraz, ustezko erasotzailea atxilotu egin zuten genero-indarkeriaren delitua leporatuta. Atxilotu duten gizonezkoak aurrekariak ditu delitu horrengatik, eta gaur, igandea, eramango dute epailearen aurrera”.

Usurbilgo Udala: “Usurbilgo Udalak eta herriko mugimendu feministak elkarretaratzera deitu dute biharko, asteburuan gure herrian gertatu den eraso sexista salatzeko. Ertzaintzak berri eman duenez, larunbatean 26 urteko gizonezko bat atxilotu zuen, bikotekideari eraso egiteagatik. Emakumeak aurpegian kolpeak zituela-eta, atxilo eraman zuten genero-indarkeria delitu bat leporatuta. Ez da lehen aldia atxilotzen dutena genero-indarkeria egotzita.

Udala bere aldetik, erasoaren berri izan bezain pronto, kasu hauetarako indarrean duen protokoloa ezarri eta erasoa jasan duen emakumerekin harremanetan jarri da, beharrezko laguntza eta aholkularitza guztia eskaintzeko.

Nolanahi ere, babesa azaltzeaz gainera, erasoa ozen salatu nahi du Usurbilgo Udalak, herriko mugimendu feministarekin batera, plaza publikoan. Izan ere, argi dugu emakume bat erasotua, iraindua, jazarria den bakoitzean, jendartea bere osotasunean dela erasotua. Horregatik, erasorik ez, erantzunik gabe. Hala, bihar, asteartearekin, 19:00etan, Mikel Laboa Plazan elkarretaratzera deitu dute.

Udalaren aburuz, eraso honek garbi erakusten du indarkeria eta eraso sexistak ez direla gertaera isolatu edo salbuespen gisa ulertu behar. Eraso hauek ez dira ero batzuen beroaldia. Emakumeen aurkako erasoak eta jazarpenak giza eskubideen urratze larriak dira, bai eta gizonen eta emakumeon arteko desberdintasun sozialen adierazpiderik bortitzena ere”.

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.