Ostegunean Usurbilgo Udalak, Gureak-ek eta Elkar Fundazioak Michelingo lurzoruan kokatuko dituzten jardueren berri emango dute Sutegin

Elkar-Gureak1Arg.: Noaua!

Gureak-ek eta Elkar Fundazioak hutsik dagoen Usurbilgo Michelingo lurzoruan kokatuko dituzte euren jarduera nagusiak epe motzean, eta proiektu sozioekonomiko honen garrantzia eta izaera estrategikoa nabarmentzeko helburuz atzo goizean agerraldi bateratua egin zuten Gipuzkoako Diputazioak, Usurbilgo Udalak, Gureak-ek eta Elkarrek Gipuzkoako Foru Aldundian. Usurbilgo Udalak jakinarazi du denek elkarlanaren balio erantsia azpimarratu dutela, aurrera egiteko eredu izan daitekeelakoan.

a

Otsailaren 28an proiektuaren aurkezpena

Elkar-Gureak2

Guzti honen berri zehatzago azaltzeko, batez ere proiektu honek Usurbilen eta eskualdearen garapen sozioekonomikoan izango duen garrantzia aintzat harturik, hiru erakundeek usurbildarrei eta eskualdeko eragile ekonomikoei aurkeztuko diete proiektua. Aurkezpena ostegunean (otsailak 28) egingo da, Sutegiko erakustaretoan, 18:30ean. Bertan,  proiektuaren irudi esanguratsuenekin, erakusketa bat ikusgai egongo da.

Elkarlan sendoa

Agerraldian Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Xabier Arregi Usurbilgo Alkateak, Iñaki Alkorta Gureak-eko lehendakariak eta Joxemari Sors Elkarlanean Fundazioko lehendakariak parte hartu zuten.

Markel Olano, Gipuzkoako ahaldun nagusia

Markel Olano

“Gure babes osoa ematen diogu Gipuzkoarentzat ikur izango diren bi proiektu ezinbestekok bat egiten dutelako eta gauzatze bidean daudelako. Gureak eta Elkarren eskutik, Gipuzkoarako estrategikoak diren bi gaik bat egingo dute proiektu honetan: desgaitasuna duten pertsonen lan munduratzeak eta euskarazko sorkuntzak. Gureak-ek lan izugarria egiten du gizarteko kolektibo ahulenetako batzuen inklusioa bermatzeko, eta Elkar, berriz, euskararen erabilera sustatzeko lan kolektiboan ezinbesteko aktorea da, profesionaltasuna eta militantzia uztartuz, euskal sorkuntzaren zabalkundeari egitura sendo eta berritzaile bat eskainiz. Elkarlana da Gipuzkoaren eta gipuzkoarron balio nagusietako bat eta giltzarria izan da oraingo honetan ere, proiektu garrantzitsu hau gauzatzeko garaian ere”.

Xabier Arregi, Usurbilgo alkatea

Xabier Arregi

“Usurbilgo Udalarentzat lehentasunezkoa da herriaren balioen araberako garapen sozioekonomikoa sustatzea, eta, hortaz, proiektu hau ez da ekimen isolatua. Helburu sozialeko ekonomiak lehenesten ditugu, pertsonen ongizatea kokatuz garapen ekonomiko eta sozialaren motor gisa. Hau da, guztion onerako den ekonomia dugu ipar. Nekez aurki dezakegu bazkide hoberik garapen eredu horretan, Gureak eta Elkar Usurbilgo herriaren baloreekin bat egiten duten eragile ekonomikoak baitira. Gure herri-ikuskerarekin eta herri-proiektuarekin bete-betean egiten du proiektuak. Gainera, ziur gaude Elkarren eta Gureak-en ezarpenak eragin positiboa izango duela Usurbilentzat eta eskualdearentzat, baita bertako hainbat sektore eta enpresarentzat ere. Proiektu honekin aukera berriak irekiko dira, sinergia berriak eta elkarlan-dinamika sozioekonomiko berriak. Horixe da gure asmoa. Etorkizun hurbilean kultura eta inklusibitatea ardatz duten bestelako dinamika sozioekonomikoetarako abiapuntu izatea. Proiektuaren hirigintza planteamenduak lan filosofia eta ikuskera horri erantzuten dio. Hirigintza-proiektua baloreen mesedetan jarri dugu, eta mimo handiz landu. Berritzailea da hirigintza eta lurralde antolamenduaren ikuspegi merkantilistak albo batera utzi, eta espazio publikoaren berrerabilerari garrantzia ematea. Irizpide jasangarriak sendotasunez artikulatu ditugu, bai maila sozialean bai ingurumenaren arloan. Enpresak eta industriagunea inguruan egokitzea eta integratzea lortu dugu, gune atsegina eta irekia sortuz”.

Iñaki Alkorta, Gureak-eko lehendakaria

Iñaki Alkorta

“Proiektua aurrera eramateko eragile guztiek azaldu duten jarrera ona nabarmendu nahiko nuke. Gureak enpresa momentu estrategiko garrantzitsuan dago: azken lau urteotan jarduera bikoiztu dugu eta beste 1.121 lagun gehitu ditugu plantillara. Ondorioz, orain arteko azpiegiturak mugatuak geratu zaizkigu eta Usurbilgoa aukera ezin hobea da guretzat. Industria merkatuak geroz eta planta produktibo konplexu eta lehiakorragoak eskatzen ditu eta gure misioarekin aurrera egin ahal izateko ezinbestekoa zaigu gure azpiegiturak egokitu eta handitzea. Zapategi eremuan, hiru eraikin egingo ditugu eta horiei esker desgaitasuna duten pertsonei egokitutako kalitatezko guneak eskaini ahal izango dizkiegu. Guztira, 26 M€ inbertituko ditugu Zapategiko proiektuan”.

Joxe Mari Sors, Elkar Fundazioaren lehendakaria

Jose Mari Sors

“Usurbilen garatuko dugun proiektua oso garrantzitsutzat jotzen dugu. Elkar Fundazioa liburuaren kate osoa gure baitan hartzen duen enpresa taldeak osatzen du: Fundazioko enpresen artean 121 milioi euroko negozio-zifra egin genuen 2017an eta 450 langile enplegatzen ditugu. Kultur paradigmaren aldaketa bete-betean gaude, eta euskara eta euskal kulturari erantzun sendoa eman nahi bazaio, azpiegiturak garatzen jarraitzea ezinbestekoa da guretzat. Berritzen jarraitu behar dugu, ekonomia eta kultura uztartuz, industria kulturala sendotuz. Helburu horiei erantzuteko Usurbilen egingo dugun inbertsioa behar-beharrezkoa dugu, Elkarrek azpiegiturak modernizatu eta XXI. mendeko beharretara egokitu behar baitu, aurreko mendetik osatuz joan den proiektua bideragarri egiteko hurrengo urteetan. Elkar Fundazioaren oinarrietan dagoen elkarlanaren bidetik egingo da bideragarri proiektu hau ere, erakutsiaz, beste behin, aurrera egin nahi bada zein garrantzitsua den indarrak batu eta beste eragileekin batera aritzea. Bakoitzak beretik abiatuta, baina soluzioak elkarrekin planteatuz lortuko dugu denon beharrak asetzea. Elkar hartzeko gai izatea da aurrera egiteko bidea. Guztira, 22 M€ inbertituko ditugu proiektu honetan”.

Informazio gehiago

 

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.