Usurbildarrek babesa adierazi diote larunbatean bikote-lagunak erasotu zuen emakumeari

26UdalaArg.: Usurbilgo Udala

Larunbatean Ertzaintzak 26 urteko gizonezko bat atxilotu zuen Usurbilen, genero-indarkeriaren delitu bat leporatuta. Gizonezkoak auto baten barruan jo eta mehatxatu zuen bikote-laguna. Biktima Donostia ospitalean artatu behar izan zuten kolpeak eta hematomak zituelako. Egoera honen aurrean Usurbilgo Udalak herriko mugimendu feministarekin batera elkarretaratzea deitu zuen atzo arratsalderako eta herritarrek ez zuten huts egin.

a

Usurbilgo udal gobernu taldeko parekidetasun arloko zinegotziak Josune Estellak,  elkarretaratze amaieran adierazpen bat irakurri zuen. Elkartasuna eta babes osoa helarazi zioten asteburuan erasotua izan den emakumeari: “Arazoa estrukturala den neurrian, erroei, sustraiei, heldu behar zaie, ezinbestean. Indarkeriaren prebentzioan egin behar da bereziki ahalegina, eta neska-mutilak, emakumeak eta gizonak, askatasunean eta berdintasunean heziko dituen hezkuntza sustatu behar da”.

26NoauaArg.: Noaua!

Herriko Adierazpena

Indarkeria sexistarik ez!

“Gaur berriro ere kalera atera gara, Usurbilgo Udalak eta mugimendu feministak deituta, gure herrian asteburuan izan den eraso sexista salatzeko. Ertzaintzak berri eman zuenez, gizonezko bat atxilotu zuten larunbatean, bikotekideari eraso egiteagatik.

Usurbilgo Udalak badu indarkeria sexistetarako protokoloa, eta, erasoaren berri izan bezain pronto, protokoloa zorrotz aplikatu dugu, pertsona erasotua ahalik eta ondoen artatzeko, bere intimitatea eta borondatea hasiera-hasieratik errespetatuz. Udalak hasieratik azaldu dio emakumeari babes osoa, eta gaur ere, beste aldi batzuetan egin dugun bezala, plaza publikoan, horixe bera azaldu nahi diogu: gure elkartasuna.

Nolanahi ere, babesa azaltzeaz gainera, erasoa salatu nahi dugu. Izan ere, argi dugu emakume bat erasotua, iraindua, jazarria den bakoitzean, jendartea bere osotasunean dela erasotua. Horregatik, argi dugu ezin duela eraso bakar batek ere geratu erantzunik gabe.

Eraso sexistak ez dira gertaera isolatu edo salbuespen gisa ulertu behar. Eraso hauek ez dira beroaldi batzuen ondorioz gertatzen. Indarkeria sexista lehen mailako arazo soziala da.

Emakumeon aurkako erasoak eta jazarpenak giza eskubideen urratze larriak dira, bai eta gizonen eta emakumeon arteko desberdintasun sozialen adierazpiderik bortitzena ere. Gizartearen egitura sexista baten ondorio dira. Egitura hori jarreretan, heziketan eta gizon eta emakumeen arteko desberdintasunetik datozen jokabideetan atzematen da. Horregatik,  gizarte osoaren erantzukizuna da matxismoari aurre egitea oinarritik bertatik.

Arazoa estrukturala den neurrian, erroei, sustraiei, heldu behar zaie, ezinbestean. Indarkeriaren prebentzioan egin behar da bereziki ahalegina, eta neska-mutilak, emakumeak eta gizonak, askatasunean eta berdintasunean heziko dituen hezkuntza sustatu behar da.

Guztion ardura da, beraz, eraso bakar bat gehiago izan ez dadin jarrera aktiboa izatea.

Martxoaren 8an, beraz, beste arrazoi bat gehiago dugu greba egin eta kalera ateratzeko. Orain dela ordubete egin dugu osoko bilkura, eta Usurbilgo udalbatzak gehiengoz onartu du grebarekin bat egitea. Dakizuenez, greba bost ardatzetan antolatzen da: zaintza, enplegua, pentsionistak, ikasleak eta kontsumoa. Greba feminista, guztion bizitzan eragiten duten esparruetan kokatzen da, soldatapeko zein doako lanetan, kontsumo ereduan, sexualitatean, arrazakerian, etab. Horregatik, grebaren bitartez, ardura kolektibotik abiatuta bizitza sostengatzeko itun sozial berri bat eskatu nahi diogu euskal jendarteari, berdintasun erreala eta eraginkorra bermatuko duten politika publikoak burutuz. Iaz bezala, aurten ere zaintza erdigunean kokatzen da, zaintzaren berrantolaketa soziala politika publikoen zeharkako ardatza izan behar dela aldarrikatuz.

Indarkeria matxistarik gabeko Usurbil nahi dugu. Emakumeok libre eta beldurrik gabe bizi nahi dugu! Indarkeria sexistarik ez!”

Gipuzkoako Batzar Nagusiak – Adierazpena

Emakumearen aurkako indarkeria gaitzesteko, Usurbil eta Oiartzungo eraso sexistak direla eta.

“Gipuzkoako Batzar Nagusiek argi eta garbi gaitzesten dute Usurbilen eta Oiartzunen bi emakumeri bikotekideek genero-indarkeriazko erasoa egin izana, eta elkartasuna eta babesa agertzen dizkiete emakumeei eta haren senide eta gertukoei.

Gipuzkoako Batzar Nagusiek emakumeen eta beren familia-ingurunearen aurkako indarkeriaren agerpen guztiak gaitzesten dituzte. Lehen mailako arazotzat jotzen dugu indarkeria sexista da emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasun bidegabeen agerpenik larriena eta berauen arteko botere-harremanetan du jatorria, emakumeak mendean mantentzeko helburua duelarik.

Gipuzkoako Batzar Nagusiek herritarrei eskatzen diete har ditzatela konpromiso pertsonal eta kolektiboak emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde, izan ere, arazo kolektiboa baita, guztion ardura da indarkeria sexistari aurre egitea eta emakume zein gizonei, herritarrei, elkarteei eta erakundeoi dagokigu erantzutea. Era berean, Gipuzkoako Batzar Nagusiek konpromisoa hartzen dute erakunde gisa, berdintasunaren aldeko eta emakumeen kontrako edozein erasori aurre egiteko lanari eusteko eta gainerako erakundeei eskatzen diete lidergoa har dezaten indarkeria sexistarik gabeko Gipuzkoa eraikitzeko eginkizunean, lan horri eusteko konpromisoak hartuz, bakoitzak bere esparruan.

Indarkeria sexistak jatorri estrukturala duen heinean, arazo honi erantzun eta aurre egiteko neurriek ere integralak izan behar dute. Erronka pertsonen arteko harremanak berdintasunean oinarritzea da.

Horregatik dei egiten dugu Gipuzkoako Batzar Nagusietatik pertsonen sozializazioaren prozesuei diziplina anitzeko esparruetatik heltzeko, erakunde publikoetatik emakume eta talde feministekin elkarlana eraikiz.

Azkenik, Batzar Nagusiek herritarrei dei egiten diete esku har dezaten Usurbilen eta Oiartzunen izango diren elkarretaratzetan, indarkeria sexistari ezezkoa esan eta parekidetasunaren aldeko hautua guztiok gure egunerokoan egin dezagun, norbanako zein kolektibo gisa, eta erakunde zein gizarte mailan”.

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.