Martxoaren 31n Felix Sarasola usurbildarrari herri omenaldia egingo zaio frontoian

Felix Sarasola

Martxoaren 31n (igandea), 2018an zendu zen Felix Sarasola usurbildarrari herri omenaldia egingo zaio. Senide eta lagun talde bat dabil ekimena antolatzen.  Habanan (Kuban) bizi zen nagusiki, baina urtero etortzen zen bere sorterrira, Usurbilera. Lagun mordoa utzi du Felixek itsasoz alde bietan; Usurbilen, Lasarte-Orian eta Kuban: “Joan den lekuetara beti bere alea aportatu izan du, ez bakarrik beretzat, baizik komunitatearentzat, herriarentzat. Kubako bere etxeko ateak zabalik izaten zituen joaten zen edonorentzat. Kuban bazuen euskal familia potente bat. Euskaldunen jaietako eragile nabarmena zen Felix. Baina oro har, beti edozein ekintzatan laguntzeko prest, otorduak prestatzeko… Beti izan da oso aktiboa”.

Nor zen Felix Sarasola?

Felix ezaguna zen herrian, azken urte hauetan, udaran ospatzen zen Baba Beltz Txikiaren Kofradia Egunean parte hartzen zuen, bertako kidea zen. Argiaren lagun handia ere izan zen urte luzez, besteren artean Argia Sarien ekitaldiak beti haren jatetxeetan burutu izan zirelako, hasi Txartel Txokotik eta Txitxardin Beltxan barrena azken urteotako Atxegaraino. Felixek aspalditik zeukan harreman estua Kubarekin, jatetxeetako bere lan profesionala tartekatzen zuelarik uharte hartan egiten zituen egonaldi gero eta luzeagoekin.  Azken bidaian bihotzeko operazio serio bat egin beharra egokitu zitzaion eta horren osteko konplikazioek heriotzera eraman zuten.

Urtarrilaren 20an, Joseba Sarrionandiak Argian Felixen omenez, “Lapur handiak eramandako laguna” izenburupean idatzi bat kaleratu zuen. Felixen inguruko zenbait bizipen kontatzen dira bertan, Felix gehiago ezagutzeko aukera eskaintzen digu Josebak.

Felix Sarasola Argia

Kuban omenaldia egin zioten

Kuban utzi dituen lagunek abenduaren 23an despeditu zuten Sarasola, Resumen Latinoamericano hedabideak jaso duenez. La casa de la bombilla verde ostatu habaneroan omenaldia egin zioten hainbat kubatar eta euskaldunek, tartean Joseba Sarrionandia idazle ezagunak. (Info +)

martxoaren 31ko omenaldia

Felix Sarasola

Omenaldia eguerdiko 12:00etan hasiko da, frontoian, musikaz eta kantuz  betea. Kaleratu duten kartelean iragarrita ez dagoen arren aurpegi ezagun ugari espero dira ekitaldian. Musika mundutik Joseba Tapia, Olatz Korta, Duo Jade bikote kubatarra, Usurbilgo Kantu Taldea, Beltza jatetxeko lagunak, Porrotx, Argiako kideak, Baba beltz txikiko kofradekideak,…

Martxoaren 26an azken bilera

Felix Sarasolaren omenaldia prestatzeko azken bilera martxoaren 26an (asteartea) egingo da, Potxoenean, 18:00etan .

“Gure oroitzapenak” film proiekzioa

Gure oroitzapenak

Omenaldiaren egitarauaren barruan Noaua! Kultur Elkarteak “Gure oroitzapenak” film proiekzioa antolatu du. 18:30ean eskainiko da Sutegiko auditorioan. 6 euro (aldez aurretik Lizardin eta Noaua! K.E.-ren egoitzan) eta bazkideek 4 euro, Noaua! K.E.-ren egoitzan aldez aurretik.

Joseba Sarrionandiaren obran oinarritutako film kolektiboa da: “Sarrionandia luzaro irudirik gabeko poeta izan da. Izoztuta balego bezala, hogeita hamar urtez zuri beltzeko argazki bat izan da euskaldunontzat. Argazki bat eta bakarra. Irudirik eza. Ausentzia. Sarri iruditan agertzea du helburu ‘Gure oroitzapenak’ filmak. Eta nola egiten da hori? Bada, gure ustez, ez da egiten argazki zuri-beltzezko harekin. Edo 2016ko amaieran hainbat hedabidetan agertutakoaz. Poeta ez da ezer, bere obra ez bada. Eta horregatik, Sarri iruditan jartzeko gure modua, bere poemak edo ipuinak zinemara ekartzea izango da”.

Horren asmoz, Euskal Herriko eta beste zenbait herrialdetako hamabi zinemagileren pieza banak osatzen dute proiektu hau. Proiektuan parte hartzen duten zinegile guztiek badute harremanik poetarekin, dela pertsonala eta afektuzkoa, dela literarioa, dela miresmena…

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.