Zubietako zerbitzuak modu eraginkorragoan kudeatzeko Usurbil eta Donostiako Udalek eta Herri Batzarrak hitzarmena sinatuko dute

Sinadura

Zubietako Herri Batzarrak, Usurbilgo Udalak eta Donostiako Udalak, Zubietaren berezitasun administratiboak zerbitzuen kudeaketan (argiteria, uraren hornidura eta saneamendua, hondakinen bilketa, mugikortasuna eta abar) urteetan eragin izan dituen arazo eta deskoordinazioak konpondu eta zerbitzu publikoa optimizatzeko helburuz, hitzarmena sinatuko dute epe motzean.

Zubietaren berezitasun administratiboa dela eta, azken urteetan hainbat arazo sortu izan dira zerbitzuen kudeaketan, bai egunerokoan bai inbertsioak egikaritzean, edota zenbait tasa eta zergen ordainketari dagokionez ere. Horregatik, alde guztiek ikusi dute beharrezko zerbitzuak berrantolatzeko garaia dela: “Administrazio publikoen jarduketak zuzendu behar dituen efizientzia printzipioari jarraituz, alde guztiek beharrezko zerbitzuak berrantolatu behar dela ikusi dugu, bikoiztasun administratiboak saihesteko eta kostuak eta ahaleginak ekonomizatzeko”.

Usurbilgo Udalean aho batez onartua

Martxoaren 28an Usurbilgo Udalean egindako osoko bilkuran, aho batez, onartu zen hitzarmenari bide ematea. Donostiako Udalak martxoaren 22an egindako osoko bilkuran onartu zuen. Orain, bi Udalbatzek onartuta, hiru erakundeek izenpetzea baino ez da falta.

Lau urteko indarraldia

Hitzarmenak lau urteko indarraldia izango du, eta Zubietako lurralde esparru osoari eragingo dio. Honako zerbitzu eta jarduketa hauek berrantolatzen ditu:

  • Uraren hornidura.
  • Saneamendu sarea
  • Hondakinen bilketa.
  • Bideen garbiketa.
  • Parkeak.
  • Lorategiak eta zuhaitzak.
  • Landa bide publikoen garbiketa eta mantentzea.
  • Argiteria publikoa.
  • Hiri-altzariak.
  • Garraio publikoa.
  • Instalazio eta ekipamendu publikoak.
  • Mantentze-jarduketak.
  • Logoak.

Hondakin bilketa Usurbilgo Udalaren esku

Usurbilgo Udalak bere gain hartuko du hondakinen bilketa zerbitzua Zubieta osoan. Hitzarmenean honela jasotzen da:

“Usurbilgo udal mugartean kokatutako etxebizitzetan hondakinak atez ate jasoko dira. Donostiako udal mugartean kokatutako etxebizitzetan bizi direnek hautatu ahal izango dute zein sistema nahi duten:

  • Atez atekoa: Usurbilgo Udaleko araudiari jarraituz.
  • Zubietako garbiguneetan kokatutako edukiontzien sistema: Donostiako Udaleko araudiari jarraituko zaio. Sistema horri heltzen diotenek giltza elektroniko bat izango dute”.

Etarten eta Barazarren garbiguneak

Etarten kokatutako garbiguneaz gain, Donostiako Udalak beste bat jarriko du Barazarren, eta bi garbiguneen kudeaketa gastuak Usurbilgo Udalak hartuko ditu bere gain.

Bilketa-puntuak kenduko dira

Irigoien kaleko eta Errota bideko bilketa-puntuak kenduko dira.

Merkataritzako bilketa-puntuak mantenduko dira

Irigoieneko eta Araetako merkataritzako bilketa-puntuak mantendu egingo dira.

Udal tasak

Tasei dagokionez, udal bakoitzak bere abonatuei bidaliko die ordainagiria, zerbitzua edonork ematen duela ere.

Jarraipen batzordea

Hitzarmenaren batzorde bat sortzea aurreikusten da, lankidetza-hitzarmenari jarraipena egiteko, hura zaindu eta kontrolatzeko. Batzorde mistoa 6 pertsonak osatuko dute, eta bina izendatuko ditu alde bakoitzak: “Batzorde horrek ebatziko ditu lankidetzaren hitzarmen honen inguruan sor daitezkeen interpretazio eta betetze arazoak, eta bien arteko koordinazio egokia bermatuko du”.

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.