Ostiralean Ingemar lantegiaren itxiera eta langileen kaleratzeak salatzeko manifestazioa Usurbilen

Ingemar2Arg.: ELA sindikatua

Ingemarreko langileek antolatuta, ostiralean (maiatzak 10) Ingemar lantegiaren itxiera eta langileen kaleratzeak salatzeko manifestazioa egingo da herrian. Manifestazioa  udaletxe paretik hasiko da, 18:00tan eta herri erdiguneko kaleak zeharkatu ostean, frontoian amaituko da. Bertan, agerraldia egingo dute langileek.

10 urte borrokan

Ingemarreko langileek espedientea iragarri zenean greba mugagabeari ekin zioten eta asteetan zehar lantegiaren aurrean ikusi ditugu salaketa egiten. Duela 10 urte hasi zuten borroka luzea egin dute Ingemarreko langileek, Usurbilgo lantegia ixtearen eta urte guztiotan izan diren kaleratzeak saihesteko. Ingemarreko langileek Usurbilgo alkateari jakinarazi diotenez, maiatzaren 15ean izango da kaleratze-eguna, baina eurek ez dute kaleratze-gutunik sinatuko eta epaitegietara joko dute.

ELA sindikatuaren egoitzan agerraldia

2019ko martxoaren 15ean Donostiako ELA sindikatuaren egoitzan agerraldia egin zuten eta bertan ohar hau kaleratu zuten:

“Ingemar, S.A. (Usurbil) eta Ingemarga, S.A. (Lugo) Grupo Ingemar, S.A.ren barruan zeuden, baina 2018. urte amaieran bategite prozesu batean murgildu ziren, eta hortik Grupo Ingemar, S.L. atera zen. Bide batez, enpresaren egoitza Gipuzkoatik Galiziara eraman zuten. Zuzendaritza berriak, 2009. urtetik aurrera, berregituratzeari ekin zion, eta apurka-apurka, Ingemar, S.A. (Usurbil) lantegia deskapitalizatuz joan da, ekoizpena deslokalizatuz eta langileak kaleratuz.

Halaber, 2017. urte hasieran Zuzendaritza zaharrak hartzekodunen konkurtsoa aurkeztu zuen, eta hortik hartzekodunen ituna atera zen 2017ko azaroan. Gero, 2018an taldearen aktibo guztiak bategitea proposatu zen, eta 2019ko urtarrilean Usurbilgo lantegirako bideragarritasun-plan bat aurkeztu zen. Aipatu beharrekoa da taldearen aktiboak, bategitearen aurretik, 48 milioi eurotan balioetsita zeudela; eta bategitearen ondotik 24 milioi eurotan.

Grupo Ingemar, S.L.ko Zuzendaritzak, 2017. urte erdialdetik gehienbat Juan Jose Fernandez Orejasen ardurapean dagoenak, zera proposatu du: azkentze-EEE bat 47 langilerentzat; horietatik 31 Usurbilgoak dira, 6 Lugokoak, eta 10 Espainiako Estatuan sakabanaturik dauden 5 biltegietakoak.

Juan Jose Fernandez Orejasek, Grupo Hedisako akziodun nagusia izanik, Mapurite, S.L. pantaila-sozietatearen bitartez, 300.000 €-ko kapital-gehikuntza egin zuen 2017ko martxoan “anonimatotik”, zeren Grupo Ingemar, S.L. zuzeneko lehiakideak baitira Grupo Hedisako bezero nagusiekiko, Grupo Ingemar, S.L.ren jabetza eta kontrola eskuratzeko lehian.

Gogoratu beharrekoa da talde horrek, hartzekodunen konkurtsotik atera zenean, hartzekodunen itun bat sinatu zuela, eta hemendik hilabete gutxi batzutara sinaturiko zorrari aurre egin beharko diola. Hori horrela, hartzekodunek beren buruari egin beharko lioketen galdera zera da: nola egingo diote aurre zorrari, balio erantsirik handieneko produktua egiten duen lantegia ixten badute?”

Usurbilgo udal-gobernua manifestazioarekin bat

Usurbilgo Udalak jakinarazi duen moduan, maiatzaren 2an bilera egin zuen Xabier Arregi Usurbilgo alkateak Ingemar lantegiko langileekin, egoeraren berri izan eta Udalaren babesa adierazteko: “Martxoaz geroztik greba mugagabean daude langileak, eta, tamalez, espero zutena bete da: Usurbilgo lantegia itxi egingo du Galiziako zuzendaritzak, hango enpresa batzordearekin (UGTk 3 ordezkari eta CIGk 2) akordioa lortu ostean”. 

Ingemar1Arg.: Usurbilgo Udala

Alkateak enpresaren jarrera gaitzetsi du eta langileei babesa adierazi die, eta horregatik ostiraleko manifestazioan parte hartuko duela iragarri du: “Ingemar gure herriko enpresa da. Bertan sortua, zainak hemen dituena. Baina duela urte batzuk Galiziako talde batek hartu zuen buruzagitza, eta geroztik deuseztatu egin dute. Deslokalizazioak desegitea ekarri du. Galera handia da Usurbilentzat, usurbildarrontzat eta, batez ere, noski, langileentzat. Bihoakie langileei gure babes eta elkartasun handiena. Zuzendaritzak ez du benetako apusturik egin Usurbilgo lantegiaren alde, eta ez dio beste inori utzi enpresa indarberritzen. Ea azken orduko mugimenduren batek nolabaiteko argi izpia ekartzen duen egoera ilun honetara. Udala, beti bezala, prest egongo da ahal duen neurrian laguntzeko”.

Informazio gehiago

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.