Josu Urrutikoetxearen atxiloketa salatzeko Usurbilgo Sortuk gaur elkarretaratzea egingo du

SortuUsurbil-M16Goizeko lehen orduan atxilotu dute Josu Urrutikoetxea ETAko buruzagi politikoa izandakoa, Frantziako Alpeetan. 07:30ak aldera izan da atxiloketa, Goi Savoiako Sallanches herrian. Frantziako zerbitzu sekretuek gidatu dute operazioa, eta Guardia Zibilak ere parte hartu du, Espainiako Barne Ministerioak jakinarazi duenez. Polizia etxe batera eraman dute, eta bertan mediku batek artatua izatea eskatu du. Poliziak ospitalera eraman du, eta proba batzuk egin ondoren, Sallancheseko jendarmeriara eraman dute berriz. Goizean Poliziako iturriak aipatuz berri agentziek zabaldutakoaren aurka, Bonneville hiriko auzitegi batera eraman dute arratsaldean, epaile aurrera.

Sorturen hiru dei

Sortuk hiru dei egin ditu polizia-operazioa salatzeko, Urrutikoetxearen askatasuna exijitzeko eta bakearen aldeko apustu irmoa erakusteko:

  • Kontzentrazioak herrietan, gaur iluntzean.
  • Ugao: larunbatean manifestazioa. 18:30 herriko plazatik.
  • Maiatzaren 26an: bakearen eta askatasunaren apustu irmoa hautetsontzietan erakustea, EH Bildu bozkatuz.

Elkarretaratzea Usurbilen

Atxiloketa salatzeko Sortuk elkarretaratzeak deitu ditu herrietan. Usurbilgo Sortuk ere deialdiarekin bat egin du eta gaur arratsaldeko 20:00etan elkarretaratzea egingo du Mikel Laboa plazan, “Bakea eta aslatasuna irabaztera! Josu eta besteak askatu!” lemapean.

Sorturen agerraldia

Sortuk hedabideen aurrean agerraldia egin du eta bertan Josu Urrutikoetxearen atxiloketa salatu du.

“Sortuk Josu Urrutikoetxearen atxiloketa salatu eta berehala aske uzteko eskatzen du. Era berean elkartasuna agertu dio bere gertuko inguruari. Operazio honek ez du gure herrian bake agertoki bat eraikitzen laguntzen, adierazi du Arkaitz Rodriguez idazkari nagusiak. Josu Urrutikoetxea izan da bakearen aldeko konpromiso handiena erakutsi duen etakideetako bat. Hain zuzen, berak jarri zion ahotsa ETA desegin zeneko agiriari. Beraz, bera dugu bakearen aldeko ekarpena egin zuenetako bat, ETAren indarkeria euskal politikagintzako ekuazio politikotik behin betirako atera zuenetako bat.

Operazio honek beste behin ere agerian jartzen du askotan esan duguna: zoritxarrez bakeak herri honetan eta estatuetan etsai boteretsuak izaten jarraitzen du. Bi estatuek gaurko atxiloketekin adierazten dute bakearen aldeko apustu horretan oztopo izaten jarraitzen dutela. Herri honetan bake oso, justu eta iraunkor bat oztopatzen jarraitzen dute. Euskal gizartearen nahirik eta desiorik handienari eraso egiten jarraitzen dute.

ETA desagertu zen, ETAren biolentzia betiko desagertu zen baina herri honetan biolentziak izan badira: estatuen biolentziak indarrean jarraitzen dute. Azken batean, dispertsio politika indarrean mantentzea ere biolentzia da. Gaixorik larri diren presoak espetxean mantentzea biolentzia da. Onen eta gaiztoen, justuen eta injustuen, garaileen eta garaituen errelato bat inposatzen saiatzea ere biolentzia delako. Eta, nola ez, Euskal Herriaren, Kataluniaren eta Estatuko gainerako herrien autodeterminazio eskubidea indarrez galaraztea ere biolentzia delako.

Zentzu horretan, dei egiten diegu estatuei eta PSOEri egin dezatela behingoz, bere garaian ezker abertzaleak egin zuen bezalaxe, estrategia demokratiko eta baketsu baten aldeko apustua. Egin diezaiotela behingoz uko beren biolentziari. Egin dezatela behingoz apustu bakearen alde, demokraziaren alde eta herri honen eskubide nazionalak eta sozialak errespetatzearen alde.

Bakearen etsaiak berandu datoz, ez dutelako lortu herri honen bakeranzko bidea galarazterik. Orain ere, ez dute lortuko. Euskal gizarteak aspaldi egin zuen hautua bake eta askatasun agertoki baten aldekoa. Erasoak eraso, oztopoak oztopo, ez estatuek ez bakearen etsai amorratuenek ere ez dute lortuko herri honen determinazioa galaraztea”.

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.