Gaur, Birziklatzearen Nazioarteko Egunean, elkarretaratzea Donostiako Alderdi Ederren

M17 elkarretaratzea Donostian

Gaur Birziklatzearen Nazioarteko Eguna da. Testuinguru honetan, Donostia Bizirik plataformak eta Errausketaren Aurkako Mugimenduak antolatuta, gaur (maiatzak 17) “Gure hondakinik gabe ez daukate negoziorik, birziklatu! Ez elikatu erraustegia” lemapean, elkarretaratzea egingo da Donostiako Alderdi Ederren, 19:00etan. Donostia Gipuzkoako udalerrien zerrendan azken postuan den hiriburua da, birziklatze kontuei dagokienean. Deitzaileek 2020rako hiriburuko egungo %40ko gaikako bilketatik %65era igotzea exijituko dute: “Datorren urtean %65eko birziklapen mailara helduta, gero hobetzen jarraitzeko eta gaixotuko gaituen erraustegiari jaten ez ematea helburua jartzea”.

“Gure hondakinik gabe, agur beren negozioa”

M17 elkarretaratzea Donostian1Donostian emandako prentsaurrekoa (Arg.: Errausketaren Aurkako Mugimendua)

“Ofiziala da: Donostia da Gipuzkoan pertsonako zabor kopururik handiena sortzen duen herria eta aldi berean, organiko gutxien birziklatzen duena. Inguruko herrietan aldaketak egin dituzte eta orain ofizialki gara azkenputz zerrenda lotsagarrian. Bataz beste, urtean 288 kg errefus sortzen ditugu pertsonako eta hiriko gaikako bilketa tasa %40 da.Oso datu txarrak dira horiek.

Gipuzkoako herritarren laurdena garenez, lurraldearen emaitza orokorra nabarmen okertzen dugu: Donostia kontatu gabe, 160 kg sortzen dituzte biztanleko bataz beste lurraldean eta gaikako bilketa %61,4 da. Aipamen berezia merezi dute ehuneko hori txiki utzi eta eredugarri ari diren herriek. Txarrena da, erabat estankatuta gaudela Donostian. Urtea joan urtea etorri emaitzak berak dira.

Horrek azalpen sinplea dauka: Donostiako Udalak azken lau urteetan praktikan ez du ezer ere egin errefusa kopurua murrizteko. Gutxiengo batek hondakinak bereizi eta organikoa birziklatzen du, eta gehiengoak ez du ohiturarik aldatzen. Inork ez dio aldaketarako bultzadarik egiten. Bitartean, erraustegi bat egiten ari dira 5 kilometrora. Horra egoeraren erradiografia.

Donostia erreferentziazko hiri dela saltzen digute, baina gai honetan behintzat ez da. Zergatik ez da pauso errealik ematen ingurumenaren alde? Klima aldaketaren aurka, errefusa murriztea lortu behar dugu bai ala bai. Zer interes dauka Donostiako Udalak hondakinen bilketa eraginkor bat ez bultzatzeko? Ez al da izango Donostiak urtero sortzen dituen ia 55.000 tonelada hondakin nahasiak nahi dituztela Zubietan eraikitzen ari diren erraustegia etengabe elikatzeko?

Gai honetan ere pausoak eman nahi ditugu, ez dugu Gipuzkoako erreferente negatiboa izan nahi. Ez dago urrutira joan beharrik ongi ari direnen ereduak ikusteko: Gipuzkoa bertako 70 herrik neurri eraginkorrak hartu dituzte eta ekonomia zirkularraren bidera hurbiltzen ari dira.

Donostiako Udalari eskatzen diogu mugi dezala ipurdia eta har ditzala neurriak berehala. Hemen oinarrizko batzuk: organikoa birziklatzeko edukiontziak jartzea beste edukiontziak adina eta besteekin batera, hiri osoan, ongi ari denari ezin zaio lana zaildu; errefusaren edukiontziari txipa jartzea, birziklatze datuak urtero garden publiko egitea, herritarrei hondakinak bereizteko kanpainak egitea, batez ere organikoarena; eta auzokonposta egiteko azpiegiturak jartzea auzo guztietan, besteak beste.

Herritarrei esan nahi diegu: ardura nagusia erakundeek dute, baina guk geuk ere gure ohiturak aldatu behar ditugu, erraustegiari jaten eman nahi diotenak mugitu ala ez: gure etxe, lantoki, elkarte eta inguruetan organikoa bereizi behar dugu. Kontzienteki egin behar dugu.

2020rako birziklapen maila %65 izatea exijitzen dugu, gero hobetzen jarraitzeko eta gaixotuko gaituen erraustegiari jaten ez ematea helburu jarrita. Egin daiteke eta egin behar dugu, oztopoak oztopo. Donostiarron eta Udalaren esku dago.

Eta honen aurrean, deialdi nagusi bat egin nahi dugu: maiatzaren 17an, Birziklatzearen Nazioarteko Egunean arratsaldeko 19:00etan, deialdia egiten dugu Donostiako Udalari eskatzeko aurrez aipatu dugun bezala, birziklapena benetan sustatzeko eta neurri serioak har ditzala. Gipuzkoan gutxien birziklatzen duen hiria bilakatu dute Donostia eta hori ezin da onartu. Oraindik finkatzeko daukagu deialdi honen lekua: Alderdi Ederren ala Boulevardean. Jakinaraziko dugu.

Eta deialdi hori berotzeko, milaka eskuorri argitaratu ditugu eta auzoetan informazioa banatuko dugu. Horiek berotzeko, larunbat honetan maiatzak 4 eguerdiko 12:00etan Groseko Katalunia plazan ekitaldi bat egingo dugu birziklatzearen alde eta erakusteko zein den hiriko egoera erreala.

Eta hurrengo larunbatean, maiatzak 11, Amara Zaharreko Easo plazan gauza bera egingo dugu 11:00etan, gure helburua baita herritarrak egoeraz kontzientziatzea eta denon artean birziklatze tasak hobetzea.

GARBI IZAN BEHAR DUGU: gure hondakinik gabe, agur beren negozioa”.

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.