Ostiralean Errausketaren Aurkako Mugimenduak deituta elkarretaratzea Zubietako plazan

incineradora-no2
a

Maiatzaren 15ean Lasarte-Oriako herritar bat bere buruaz beste egiten saiatu zen Zubietako erraustegiaren aurkako ekintza gisa, Argia astekariak asteartean ezagutarazi zuen moduan. Egoera larri honen aurrean Errausketaren Aurkako Mugimenduak elkarretaratzea deitu du ostiral honetarako (ekainak 7) Zubietan. Elkarretaratzean, beste behin eskatuko dute Zubietako obrak bertan behera gera daitezela, eta horrez gain, suizidatzen saiatu den pertsonari elkartasuna adieraziko diot. Elkarretaratzea 18:30ean egingo da, Zubietako plaza libreko frontoian. Herritarrei dei egin diete Zubietara gerturatzeko.

Errausketaren Aurkako Mugimendua: “Aste honetan publiko egin da pertsona bat bere buruaz beste egiten saiatu dela erraustegiaren aurka. Hori dela eta, Erraustegiaren Aurkako Mugimendutik elkarretaratzea deitzen dugu ostiralerako 18:30ean Zubietan, plaza libreko frontoian. Helburua izango da beste behin erraustegia gelditzeko eskatzea eta bere burua larri zauritu duen pertsona honi elkartasuna adieraztea, animo mezua helaraztea eta bizitza dela handiena aldarrikatzea”.
a

Suizidio saiakera erraustegiaren aurka

(Iturria Argia)
a

“Neure buruari bizia kentzea erabaki dut politikari batzuen arduragabekeria kriminala salatzeko”

Titularreko esaldi horrekin hasten da Erraustegiaren lehen biktima naiz izenburupean A.P. siglei erantzuten dien Lasarte-Oriako pertsona batek maiatzaren 15ean bere buruaz beste egiten saiatu aurretik idatzitako gutuna. Maiatzaren 31n eskuratu du Argiak, berak propio bidalita.

Zubietan eraikitzen ari diren erraustegitik kilometro gutxira bizi da: Lasarte-Orian. Bizitza Andoain eta Usurbilen ere egiten zuen, herri guztiak erraustegiaren 10 kilometroko erradioaren barnean. A. P. oso kezkatua zegoen Zubietan eraikitzen ari diren erraustegiaren kutsadurak inguruko herritarrengan izango duen eraginarekin. Urteak dira Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak egindako deialdietan parte hartzen duela.

Suizidio saiakera hau ez da heriotza izan, emailez azpiko gutuna jaso zuen bere lagun batek berehala larrialdietara deitu zuelako. Mediku eta suhiltzaileak bere etxera joan zirenean larri aurkitu zuten. Urgentziaz artatu zuten. Egun errekuperatzen ari da Donostiako psikiatrikoan, suizidioen aurkako protokoloa betez.

Argia berarekin izan da informazioa publikatu aurretik, gertatutakoa kontrastatzen. Egoeraz erabat kontziente, erraustegiaren aurkako ekintza hau pentsatzen denbora zeramala eta maiatzaren 15ean pausoa ematea erabaki zuela azaldu du. “Epaile eta enparauak etorri zaizkit errudun bila, eta behin eta berriro esan diet: Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak ez zekien ezer, ez nau inork bultzatu hau egitera, inork ez zekien ezer, nire ekimena izan da, ez bilatu errudunik kanpoan”, adierazi ziela kontatu du.

A. P.-k aurrekari psikiatrikoak dauzka eta orain urte batzuk bere buruaz beste egiten saiatu zen. “Bizitza zaila izan dugu eta hori beste kontu bat da. Oraingoan ez dut desesperazioz egin, ekintza politiko gisa baizik”, dio. “Nire paradisua zen eremu hori, urteetan mendi horietara joan izan naiz paseatzera, naturaz gozatzera; orain berriz, munstro hori egiten ari dira eta sentitu nuen une egokia zela egin nuena egiteko”.

“Bizitza da handiena, ez dezala inork eredu gisa hartu mesedez”, ere adierazi du.

“Bizia kendu dut ez dudalako aurrez pentsatutako eta azpikeriaz exekutatutako krimen hau ikusi nahi. 2050ean lurra pozoitzearen ondorioak ikusiko dira, baina agian beraiek ere hilik egongo dira eta ezingo zaizkie kontuak eskatu”, zioen gutunean. Jarraian osorik irakurgai, euskaratuta.

Gutuna

Erraustegiaren lehen biktima naiz

“Neure buruari bizitza kentzea erabaki dut, maite ditudanengan samin eta hutsune handia eraginez, ez dudalako modu hoberik aurkitzen salatzeko gizarte honetan gehiengoak lortzen dituzten politikari batzuen arduragabekeria kriminala. Gizarte hau bere buruaz beste egiten ari da hainbeste haragi tripakada, hainbeste auto partikular, dragoien telesail, komunikazio birtual eta munduaren bestaldera egin beharreko hegaldirekin.

Ezin dut gehiago jasan hipokresia, injustizia, beren borondate santuaren inposizioa eta manipulazioa. “Gestore handi” hauek herritarrak kondenatu dituzte pozoitze mantso eta agonikora, eskura dituzten komunikabide eta desinformazio bide guztiekin.

Ez dute aski hainbat ikerketa epidemiologiko eta ekonomikok frogatu izana zein kaltegarri eta patogenoa den hondakinak erretzea. Ez zaie aski milaka pertsonaren erresistentzia baketsu eta irudimentsua. Ez zaie aski alternatiba merkeagoak izatea, lanpostuak sortzen dituztenak gainera. Beren irabazi sektario eta alderdikoian baino ez dute pentsatzen. Jakin badakiten arren herri eta hiri osoak zigortzen dituztela.

Neure buruari bizitza kendu diot ez dudalako aurrez pentsatutako eta azpikeriaz exekutatutako krimen honen lekuko izan nahi. 2050ean ikusiko dira lurra kutsatzearen ondorioak, baina agian beraiek ere hilda egongo dira eta ezingo zaizkie kontuak eskatu. Etorkizuneko belaunaldiak dira herentzia beltz hau jasoko dutenak. Konfiantza dut, bestalde, elkartuko direla horrela deitzea merezi duen bizitza duina lortzeko.

Gogobeteta noa, modu baketsuan saiatu izan bainaiz arduragabe hauek zentzua berreskura zezaten, hazkunde infinito-ezinezkoaren miresleek, beren jubilazioa finantzatzen duten enpresa handi eta alderdi politikoek. Baina ikusirik ez dutela entzuten eta boterearen praktika autoritario eta inhumanoari emanda daudela, pertsonen ongizatean pentsatu gabe, joatea erabaki dut jabetzen banaiz ere osatu ezina den mina, sufrimendua eta hutsunea utziko dudala gehien maite ditudanengan. Barkamena eskatzen diet horregatik.

Muxu bat. Ondo izan.

Oharra: Agian esango dizuete fama txarreko ero bat naizela, baina horrek ez ditu ezeztatzen hondakinak erretzearen aurka ematen diren arrazoi anitzak”.

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.