Usurbilgo Udalak maiatzaren 23an Aritzetako gasolindegian Medeak taldeko kide batek jasandako eraso sexuala eta transfoboa salatu du

Kolorezko bandera

Medeak elkarteak (Euskal Herriko Talde TransFeminista) jakinarazi du, maiatzaren 23an gizon batek eraso fisiko larria eragin ziola Medeak taldeko kide bati;  eraso sexuala eta transfoboa izan zela hain zuzen. Autopistan, errepidean zirela ustez izandako ika-mika baten ondorioz, gizonak Usurbilgo Aritzetako gasolindegiraino jarraitu eta bertan eraso egin zion. Biktimak bere testigantza eman du argitara.

Usurbilgo Udalak ozen salatu du erasoa

Usurbilgo Udalak eraso sexuala eta transfoboa salatu eta elkartasun osoa adierazi dio biktimari, eta bat egiten du Medeak elkarteak gizarteratutako mezuarekin.

“Ohar honen bidez Usurbilgo Udalak salatu nahi du Medeak taldeko kide batek pasa den maiatzaren 23an Aritzetako gasolindegian, Usurbilen, jasandako eraso sexista, transfoboa eta lesbofoboa eta, bide batez, elkartasun osoa adierazi. Medeak taldeak berak eman du erasoaren berri. Talde horren arabera, arrazoi lesbofobo eta transboboek bultzatuta, eraso fisiko larria jasan zuen gizon baten eskuetan. Errepidean zirela ustez izandako ika-mika baten ondorioz, gizonak gasolindegiraino jarraitu zuen eta han eraso egin zion. Bere testigantza eman du argitara, eta honako pasarteak nabarmendu nahi ditugu:

  • Konturatu orduko, kotxeko atea ireki zuen, lepotik heldu eta gidariaren ondoko eserlekuan etzanarazi ninduen… Ni itotzen saiatu bitartean, garrasika hasi zitzaidan: hil egingo ninduela, suntsitu egingo ninduela, lehertu egingo ninduela (..)
  • Ezkerreko titia hautsita neukan, tipoak txiki-txiki egin zuen: gorrituta zegoen, harramazkaz beteta, eta ubeldura bat egin zidan, oraindik desagertu ez dena. Mina neukan lepoan, kontraktura bat, eta, batez ere, irainduta sentitzen nintzen; titiak zanpatu zizkidan. Bularraldea sutan neukan. Ez nuen ezertxo ere ulertzen.
  • “Esan beharra daukat ohituta nagoela egunerokoan bortizkeria maila oso altu bat jasotzera. Bollera eta transgeneroa naizenez, indarkeria izugarria bizi izan dut. Argi ikusten dut nire gorputzak berak zer-nolako amorrua, nazka, higuina eta hiltzeko gogoa pizten dien gizon askori.

Hori guztia dela eta, Usurbilgo Udalak ozen salatu nahi du erasoa, eta trasnfobiaren eta lesbofobiaren aurkako borrokarekiko bere konpromisoa nabarmendu. Zentzu horretan, bat egiten du Medeak-ek kaleratutako agiriarekin”.

Medeak

MedeakMedeak 2000. urtean jaio zen talde feminista erradikala da. Hainbat kide eta buelta eman ditu taldeak. Hasieratik gorputza erdigunean jarri du bere ekintza politikoan. Hala, feministaz gain, hainbat etiketaz ornitzen joan da hasieratik: Bollera erradikalak, transexualak, putak, beltzak… azken batean bazterretan dagoen hori aldarrikatu nahian. Azken urteetan, hausnarketa politikoak ere bide hori jarraitu du; hala, identitatea, indarkeria, gorputzen erregulazioa, bazterrak… diskurtsoaren erdiguneann kokatzeak, Transfeminismoa deiturikoan bilakatzera ere eman du taldea.

“Ohar honen bitartez gure kide feminista batek jasandako eraso sexuala eta transfoboa salatu nahi dugu. Maiatzaren 23an, gure kideak Donostiatik gertu gasolindegi batean zegoela, arrazoi lesbofobo eta transboboek bultzatuta, eraso fisiko larria jasan zuen gizon baten eskuetan.

Kideak, gasolindegiko langile baten laguntzaz, erasoa gelditzea lortu zuen arren, ondoren justizia patriarkalaren prozesu biktimizatzaile bikoitza ere jasan behar izan zuen; besteak beste, bizitakoa eraso sexual edo gorroto-delitu bezala ez prozesatzearena. Idatzi honekin, erasoa ez ezik, ondoren bizi beharreko prozesu judizial gogorra ere salatu nahi dugu, beraz.

Hala, erasoa pasatu da eta ez gara isilduko horrelako jarreren aurrean, horregatik, justizia feminista epaitegietan ez dugula lortuko argi izanda, erasoaren testigantza jaso dugu. Gorrotoan, matxismoan eta transfobian oinarritutako jarrera eta pentsamolde hauek onartezinak dira, eta guk feministok eta transmaribollerak aurre egingo diegu, ez gara isilduko, ez gara geldi geratuko!!

Jarrera matxista transfobo hauek emakumeonganako eta binarismotik at dauden pertsonenganako gorrotoa sustatzen dute eta feministok honen aurrean askatasunaren eta bizitzaren aldeko borrokarekin erantzungo diegu. Zuen gorrotoaren aurrean gure askatasunaren eta bizitzaren aldeko borroka transfeministan jarraituko dugu.

ERASORIK EZ ERANTZUNIK GABE! GORA AUTODEFENTSA FEMINISTA!”

Biktimaren testigantza osoa

KLIK

“Konturatu orduko, kotxeko atea ireki zuen, lepotik heldu eta gidariaren ondoko eserlekuan etzanarazi  ninduen. Gainera salto egin zidan: pega-pega eginda neukan bere aurpegia, eta oinak, berriz, zintzilik neuzkan pilotuaren atetik, kotxetik kanpo. Ni itotzen saiatu bitartean, garrasika hasi zitzaidan: hil egingo ninduela, suntsitu egingo ninduela, lehertu egingo ninduela. Listua zerion eta aurpegira erortzen zitzaidan. Ez nuen tutik ulertzen. Erregu egin nion, ez jotzeko, eta ohartarazi nion hil egingo ninduela; orduan, lepoa askatu eta titiak heldu zizkidan, ito beharrean. Zanpatu egin zizkidan; ezin nuen mina jasan. Erregu egin nion, ezin nuen besterik egin, ez nintzen hura ukitzera atrebitzen. Besoak sartu nahi nituen beraren eta nire gorputzaren artean, bion aurpegiak apurtxo bat bada ere urruntzeko. Hiltzeko prestatu nintzen, eta pentsatu nuen orduko hartan baietz, morroi hark akabatu egingo ninduela”.

Maiatzaren 29an egin zen epaiketa

Maiatzaren 29an egin zen epaiketa. Akusatuak onartu egin zituen bere aurkako karguak eta eraso arina eta mehatxuak izan zirela ebatzi zuen epaileak. Epaileak ez du sexu erasoa izan zela onartu, eta, ondorioz, 150 euroko kalte-ordaina eta urruntze agindua ezarri dizkio. Biktimak salatu egin du epailearen erabakia: “Transfobia eta lesbofobia ez dira sexu erasotzat hartzen: tipo batek titiak txikitu zizkidan, baina horrek ez omen dauka inongo kutsu sexualik”.

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.