Usurbilgo Udalak martxan duen Usurbilgo toponimiari buruzko webgunea ezagutzen duzue? Bertan, herriko leku izenen azterlana kontsultatu daiteke. Toponimoek, lekuak izendatzeko funtzioaz gain, euskararen jokabide, trikimailu eta alderdi ezkutuenak argitzeko aukera ematen dute: “Webgune hau egiterakoan ez gara zerotik abiatu. 1989. urtean “Usurbilgo Toponimia” izeneko mapa argitaratu zen. Azterlan hori Euskaltzaindiko Onomastika Batzordeak zuzendu zuen eta zehaztasun handiz jasotzen ditu gure lekurik kuttunenak izendatzeko erabiltzen ditugun izenak”.
Usurbilgo Udalak, toponimoen balioaz ohartuta, herriko toponimoen azterlana egiteko konpromisoa hartu zuen 1989an. Lan honek ia urtebeteko iraupena izan zuen, izan ere toponimoen bilketa eta azterketa egiteko paper zaharrak eta Usurbilgo herriaz ari diren liburuak aztertu behar izan ziren eta herriko adinduenekin hitz egin beharra zegoen. Bilketa lana egin ostean, toponimoen normalizazioa etorri zen. Hau da, leku izenak nola idatziko diren finkatzea.
Usurbilgo Udalaren helburua, webgune honen bitartez bere esku dagoen informazio guztia herritarrei hurbiltzea izan da. Horretarako, Ezetz asmatu! eta Ba al zenekien? bezalako atalak prestatu dira, modu erraz batean herriko zenbait leku izen ezagutzeko aukera emanez. Hemen kontsultatu daitezkeen toponimoak garaian garaiko eguneraketak izan dituzte, eta aurrera begira ere dagozkien eguneraketak izango dituzte.