Urriaren 19an “Erreferenduma ez da delitua. Askatasuna” lemapean manifestazioa Donostian

GED-U19

Larunbatean (urriak 19), Gure Esku Dagok deituta, erreferenduma ez dela delitua aldarrikatu eta auzi honetako presoen askatasunaren, oinarrizko eskubideen eta herrien eskubide kolektiboen aldeko mobilizazio nazionala egingo Donostian. “Erreferenduma ez da delitua. Askatasuna” lemapean joango den manifestazioa Antiguatik abiatuko da arratsaldeko 17:30ean.

“Erreferenduma ez da delitua. Askatasuna”

GED-Usurbil-Noaua9Arg.: Noaua!

Astelehenean (urriak 14) Usurbilgo Gure Esku Dagok deituta, Mikel Laboa plazan “Erreferenduma ez da delitua. Askatasuna” lemapean elkarretaratze zaratatsua egin zen Espainiako Auzitegi Gorenak Kataluniako bederatzi buruzagi independentistari jarritako espetxe zigorra salatzeko. Kataluniako 2017ko urriaren 1eko erreferendumagatik epaitu dituzte. Herritar ugari gerturatu ziren zarata ateratzera.

This slideshow requires JavaScript.

Arg.: Noaua!

Matxinada baztertu, eta sedizio delituagatik zigortu ditu Auzitegi Gorenak bederatzi horiek. Zigor handienak Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde kargugabetuari eta Generalitateko kontseilari zirenei ezarri dizkie. Espetxe zigorrarekin batera, inhabilitazioak ere ezarri ditu, eta diru publikoaren erabilera bidegabearengatik ere zigortu ditu Junqueras, Raul Romeva, Dolors Bassa, Jordi Turull, Jordi Sanchez, Jordi Cuixart eta Carme Forcadell.

Sedizioagatik zigortuak

  • Oriol Junqueras: Generalitateko presidenteorde zenari 13 urteko espetxe zigorra eta 13 urteko inhabilitazioa ezarri dio.
  • Raul Romeva: Atzerri kontseilariari, 12 urteko zigorra eta 12 urteko inhabilitazioa.
  • Joaquin Forn: Barne kontseilariari, 10 urte eta erdiko zigorra eta 12 urteko inhabilitazioa.
  • Jordi Turull: Presidentetza kontseilariari, 12 urteko zigorra eta 12 urteko inhabilitazioa.
  • Jordi Rull: Lurralde Antolaketako kontseilariari, 10 urte eta erdiko zigorra eta 10 urte eta erdiko inhabilitazioa.
  • Dolors Bassa: Lan eta Gizarte Gaietarako kontseilariari, 12 urteko zigorra eta 12 urteko inhabilitazioa.
  • Carme Forcadell: parlamentuko presidenteari, 11 urte eta erdiko zigorra eta 11 urte eta erdiko inhabilitazioa.
  • Jordi Sanchez: ANCko presidenteari, 9 urteko zigorra eta 9 urteko inhabilitazioa.
  • Jordi Cuixart: Omniumeko presidente zenari, 9 urteko zigorra eta 9 urteko inhabilitazioa.

Desobedientziagatik zigortu dituztenak

  • Santi Vila, Kultura kontseilari ohia.
  • Carles Mundo, Justizia kontseilaria.
  • Meritxell Borras, Gobernazio, Administrazio Publiko eta Etxebizitza kontseilaria.

Hiru horiei 2.000 euroko isun ekonomikoa eta urtebete eta zortzi hilabeteko inhabilitazioa ezarri diete zigor gisa.

GURE ESKUREN ADIERAZPENA

“Demokraziaren aurkako eraso larria da gaur Espainiako Auzitegi Gorenak jakinarazi duen epaia. 9 eta 13 urte arteko espetxe zigorra ezarri die, orotara, urriaren 1eko erreferendumarengatik bidegabeki akusatutako Kataluniako buruzagi sozial eta politiko subiranistei.

Epaia ez ezik, prozesu judiziala bera ere ez da justua izan; arbitrariotasunez beteta izan da, funtsik gabeko akusazioetan oinarritu da, eta behin-behineko espetxealdiarekin presoen eskubideak urratu dira, Nazio Batuen Erakundeko Atxiloaldi Arbitrarioei buruzko lan taldeak salatu duenez. Horregatik, epaiketa politiko honen amaiera justu bakarra absoluzioa zela ozen aldarrikatu dugu hilabeteotan Kataluniako, Euskal Herriko eta Espainiako zein, oro har, nazioarteko milaka ahotsek; baina hilabete luzeetan aurreikusi duguna berretsi du Espainiako estatuak: larrialdi demokratiko batean gaude.

Erreferenduma kriminalizatu du Espainiako Auzitegi Gorenaren epai honek. Ez gaude ados. Erreferenduma tresna demokratikoa da, herri edo komunitate baten etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko balio duena. Etorkizuna erreferendum bidez erabakitzea eskubide demokratiko bat da. Euskal Herrian, legeztatuta ikusi nahi dugu, eta erabili nahi dugu.

Izan ere, etorkizuna erreferendum bidez erabakitzearen aldeko herri ekimen bat lantzen ari gara hainbat eragile, erabakiaren bidea ireki nahi dugulako. Horregatik diogu, ebazpen honen aurrean, gure helburua berretsi baino ez dugula egin: gure etorkizuna erreferendum bidez erabaki nahi dugu, eta hori lortzeko bidean ez dugu atzera egingo. Horregatik, erreferendumaren aldeko herri ekimena lantzen ari gara, eta aurrera jarraituko dugu: aurrera egingo dugu herri gisa, eta aurrera, beti, Kataluniarekin. 

Zigor epai honekin, Altsasuko gazteen aurkako sententziarekin, errepresioarekin eta 155. artikulua ezartzearen mehatxuarekin beldurturik nahi gaituzte, etsirik, burujabetza asmoak lortzeko itxaropenik gabe. Baina oker daude. Gure etorkizunaren jabe izan nahi dugu, zilegi delako, eskubide demokratiko bat delako. Ez izan zalantzarik, bidea irekiko diogu erabakitzeko eskubideari, gure estatus politikoa libre eta demokratikoki erabakitzeari. Aurrera egiteko ilusioa eta determinazioa dugu.

Injustizia baten aurka, eta oinarrizko eskubideen alde mobilizatu gara gaur. Erreferendumaren kriminalizazioaren aurka, eta herrien eskubide kolektiboen alde. Errepresioaren bidearen aurka, eta elkarrizketa eta konponbide politikoaren alde. Gaur mobilizatu gara, eta mobilizatzen jarraitu beharko dugu. Datorren larunbatean, urriaren 19an, manifestazio nazionala egingo dugu Donostian, auziko presoen askatasunaren alde, oinarrizko eskubideen alde eta herrien eskubide kolektiboen alde. Elkarrekin. Kataluniarekin bat eginik.

Eta besarkada estu bat ere Altsasuko gazteentzat eta haien senideentzat. Altsasukoak ere aske nahi zaituztegu! Nahikoa da! Bidegabekeriaren aurrean, beti elkartasuna. Oztopoen aurrean, irudimena eta ahalegin kolektiboa. 

Erreferenduma ez da delitua. Defenda dezagun gure erabakitzeko eskubidea. Kataluniako herritarrok, zuekin gaude!”

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.