Azaroaren 9an ‘Mundualdia’ jaialdia ospatuko da Usurbilen

2019koMundualdia1

Usurbilgo Udalak eta sorterri anitzetako herritar talde batek antolatuta, azaroaren 9an (larunbata) Mundualdia jaialdia ospatuko da Usurbilen. Larunbat arratsaldean dantzak, gastronomiak eta musikak bat egingo dute herriko frontoian, oraingoan larunbat arratsaldez ospatuko den jaialdian. Eguna beraz gain, beste ekimen bat ere antolatu da.

EGITARAUA

Azaroak 7, osteguna

  • 19:00 Jon Maiaren hitzaldia Sutegin: “Extremaduratik bertsolaritzara: integrazio istorio bat”.

Azaroak 9, larunbata

  • 18:00 Alkatearen agurra.
  • 18:10 Zirimara taldearen eta Orbeldi Dantza Taldearen munduko dantzen emanaldia.
  • 19:00 Jakien dastaketa.
  • 20:30 Hezurbeltzak taldearen kontzertua.

Aurretik Espainiatik etorri zirenei ere lekua

Mundualdiko helburua herriko komunitate aniztasunean erdigunean jartzea da. Bertan usurbildarren hartuemanak estutzen lagundu, elkar ezagutzan eta elkarbizitzan sakontzeko zubi lanak egiten dira. Munduko hainbat txokotatik etorritako herritarrek hartuko dute frontoia, eta, horiez gain, Espainiatik etorri zirenei ere lekua egingo zaie, iragarri dute. Usurbilgo Udalaren esanetan, 1960 eta 70. hamarkadetan Espainiako herrialde ezberdinetatik Usurbila etorritakoengan jarri nahi da arreta.

Ikerlan berria

2018an Usurbilgo herritarren jatorri aniztasunaren inguruko ikerlana bideratu zuen Udalak Aztikerren bidez. Oraingo honetan ere beste azterlan berria egingo dela adierazi du Udalak: “Espainiako herrialdeetatik gure artera azken hamarkadetan izan den lehenengo olatu garrantzitsuena aztertu nahi da. Hain zuzen, hainbat arrazoi tarteko, elkarri bizkarra emanda bizi izan diren bi komunitate izan dira haiek eta usurbildarrak. Ez da Usurbilgo kasua soilik izan, fenomeno orokorra izan da Euskal Herrian, baina horri ekarpena egin nahi dio Usurbilgo Udalak. Bi komunitateak aztertuko ditugu, herrian jaiotakoak nahiz herritik kanpo jaio baina hemen bizi direnak, lekukotzak bildu, etorkizunean herrira etorriko direnei harrera hobea egiteko eta herrian integratzeko gako direla ulertzen baitugu. Atzera begiratzeko ariketa egingo du ikerlan horrek, etorkizunari modu egokiagoan heltzeko. Garai hartako migrazioari begiratuta, guztien arteko elkarbizitza sustatzeko baldintzak finkatu nahi dira. Eta horretarako, elkarbizitza osasuntsu eta kontzientea ahalbidetzeko ezinbestekotzat jotzen dugu elkar ezagutza eta elkar aitortzan sakontzea”.

migrazio olatu gehiago

60. hamarkadatik aurrera Espainiako txoko ezberdinetatik gure artera etorritakoa ez da migrazio olatu bakarra izan. Bada Udalak nabarmentzen duen bigarren bat ere, 2000. urteaz geroztik jazotakoa: “Ameriketako, Afrikako eta Europako hainbat herrialdeetatik etorritako norbanakoak izan ziren hasieran, eta, gerora, familiak. Eta azken 50 urteotan talde mota desberdinetan heldutakoak baita, portugaldarrak eta errumaniarrak, batez ere”.

Guztiek helburu bera

Udalaren esanetan migrazio mugimendu guztiok bateratzen dituen elementu bat bada: “Guztiak ere asmo berberak batzen ditu: bertan lan egin eta bizi-baldintzak hobetzeko helburuarekin etorri ziren”.

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.